Euskal musika tradizionalaren erreferente den Korrontzi taldeak, hamarkada bat bete duen Korrontzi Dantzan proiektuaren ospakizun bira iragarri du. Guztira, 51 kontzertu eskainiko dituzte Euskal Herrian eta nazioartean zehar, 2027ko martxoaren 13an Bizkaiko Barakaldoko BEC-en amaituko den ekitaldi erraldoi batekin, non ehun dantza talde eta 1.200 dantzari baino gehiago bilduko diren.
Bira honetan, Oinkari dantza taldeak Korrontziren doinuetarako sortutako koreografiak aurkeztuko dira. Baina oraingoan, berezitasun gisa, tokian tokiko dantza taldeek ere parte hartuko dute emanaldi bakoitzean, ikuskizunari aniztasun eta kolore gehiago emanez. Horrela, "mundua dantzan jarriko nuke Korrontzi banintza" lelopean, mundua dantzan jartzea dute helburu.
Bira honen baitan, larunbat honetan, apirilaren 11n, Aginagako Eliza Zaharrean izango da hitzordua, taldearentzat ezaguna den agertokian. Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak antolatutako ekitaldi honetan, Korrontzi taldearekin batera, Usurbilgo Orbeldiko kideak, Oinkari (Billabona) eta Harribil (Orio) dantza taldeetako dantzariak ere arituko dira.
Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta sarrerak 12 eurotan eskura daitezke aurrez usurbilkultura.eus plataforman edo Aginagako Arrate Ostatuan. Korrontzi taldeak aurretik ere parte hartu izan du Eliza Zaharrean ospatutako Euskararen Galan, azken edizioan, azaroaren 29an, ikuskizuna dantza batean agurtuz.




