Donostiako Gipuzkoa plazan bildu dira gaur, maiatzaren 26an, Zubietako erraustegiko langileak, berriz ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. "Ekobal erraustegian langileok borrokan!" leloa gogorarazi nahi izan diete foru ordezkariei, lan-baldintza duinak eta osasuna bermatzea eskatuz. Langileen batzordeak salatu du ez dietela "benetako toxikotasuna" aitortzen eta erantzuletzat jo ditu erraustegia kudeatzen duten enpresak zein Foru Aldundia.
Maiatzeko azken greba eguna zuten gaurkoa, eta albiste garrantzitsua dute: hilaren 12ko mobilizazioan erregistratutako bilera eskaerari erantzuna jaso dute. Jasangarritasun arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensiorekin bilera bat izango dute datorren astelehenean, ekainaren 1ean.
Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu.
Langileek gogorarazi dute urtebeteko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren ere, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Ekobal eta Ekondakin enpresek ez dutela borondaterik enpresa-hitzarmen bat negoziatzeko. Gainera, GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren "etengabeko arduragabekeria" salatu dute. Azpimarratu dute egungo hitzarmen kolektiboak ez dituela behar bezala arautzen plantaren funtzionamendua, hala nola 24/7ko txanda-sistema, mantentze-lanak edo langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa.
Horregatik, langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute. Langileak Ekondakin (kontrata publikoaren enpresa emakidaduna) eta Ekobal (azpikontratatua) enpresen sarean daude, biak ala biak Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin.
Urte hasieratik hainbat mobilizazio egin dituzte, bai lantokian bertan, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan ere. Enpresen borondate falta salatu dute behin eta berriz negoziazioetan.




