Dokumentalaren trailerraren hasierako hitzek, “Hartu zure herria, eta ken iezaizkiozu 115 gazte. Zer ikusten duzu? Hutsune handi bat”, lanaren muina laburbiltzen dute. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, 115 gazte hil ziren Zumarragan eta Urretxun, heroinaren kontsumoaren eta HIESaren ondorioz, bi herri horietan hutsune handia utziz.
Anne Zufiaurrek eta Alex Areizagak zuzendutako ikus-entzunezko honek, herritar ugariren testigantzen bidez, isilean gordetako “minaren memoria kolektiboa” berreskuratu nahi du. Dokumentalak bi herri horietan heroinak eta HIESak eragindako kaltearen inguruko kontakizun bat eskaintzen du.
Hartu zure herria, eta ken iezaizkiozu 115 gazte. Zer ikusten duzu? Hutsune handi bat.
Hutsune handi bat dokumentala etzi, asteartea, proiektatuko da Azkoitiko Baztartxo antzokian. Emanaldia 20:00etan hasiko da, udaleko Berdintasun eta Prebentzio arloak sustatuta, eta sarrera doakoa izango da ikusle guztientzat.




