Goieki garapen agentziak datozen asteetan jarriko du martxan Enpresa Ekimen Berrien 29. Lehiaketa, hiru kategoriatan banatuta. Aurten ere ekintzailetza, berrikuntza eta gizarte inklusioa sustatzea du helburu nagusi. Irailaren amaierara arte egongo da egitasmoak aurkezteko aukera.
Lehiaketa hau Goierri eskualdean ideia berritzaileak sustatzeko sortu zen duela hiru hamarkada, garai hartan egoera ekonomiko zaila eta langabezia tasa altua baitzen. Goiekik eta bailarako eragile sozioekonomikoek berrikuntzari bide ematea konprometitutzat hartu zuten, eta hainbat enpresa babesleren laguntza izan du sariketak urte hauetan.
Lehiaketak hiru kategoria ditu: enpresa ekimen berriko proiektu onena, enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena eta ekintzailetza bitartezko gizarte inklusio proiektu onena. Lehenengoak, enpresen garapena, enplegua eta aberastasuna sortzea bultzatzen ditu, eta iaz SIAPS enpresak irabazi zuen ikusmen artifizialean eta termografian oinarritutako proiektu batekin.
Bigarren kategoria, berriz, enpresa barruko ekintzailetza eta berrikuntza sustatzera bideratuta dago. Iaz, Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntzak enpresak jaso zuen sari hau, eraikuntza eta birgaitze arloan erreferente denak, prozesuen industrializazioa eta talentuaren garapenean sakontzeko proiektu berritzaile bat landu zuelako.
Azkenik, hirugarren kategoria gizarte inklusioa ekintzailetzaren bidez sustatzen duena da, lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada emateko. Iaz, Ordiziako TK Studio Pilates zentroak jaso zuen saria, osasun fisiko eta mentalerako espazio berezitu bat sortzeko proiektuarekin.
Lehenengo kategoriako irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du, eta 3.000 euro gehigarri enpresa kooperatiba bada. Gainera, ikusgarritasuna, enpresa gunean kokatzeko aukera eta zerbitzuak eskainiko zaizkie irabazleei, baita aholkularitza eta jarraipena ere lehen urteetan.




