Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak urrats bateratua eman dute Gipuzkoa barnealdea indartzeko: ostatu sare turistiko bat sortuko dute. Horrela erabaki dute Orendainen izan berri duten bileran Tolosaldea eta Goierriko ordezkariek. Sareak barnealdearen erakargarritasun gastronomiko eta turistikoa indartzeko balioko du, eta, bestetik, ostatuen bizitza luzatzeko.
Azahara Dominguez diputatuak ostatuen «berezitasuna» azpimarratu du, udalerri txikietako gizarte-epizentro direla nabarmenduz. Sukaldaritza tradizionala eta zero kilometroko produktua ardatz duten establezimendu hauek Gipuzkoako helmuga turistiko bakarra eta nortasun propioa dutela gaineratu du. «Helmuga gastronomiko nagusia gara, eta barrualdeko udalerri txikietan, ostatatuetan, benetako tokiko sukaldaritza babesten eta duintzen da, gure sukaldaritza-nortasunaren ezinbesteko zaindariak dira, eta espazio horien iraunkortasunean lagundu nahi dugu», adierazi du.
Diputatuak garrantzia eman dio Orendainen izandako bilerari, lehen topaketa honek ikuspegiak partekatzeko, helburuak lerrokatzeko eta Gipuzkoako ostatuen lehen sare turistikoa eraikitzen hasteko balio izan duelako. Proiektuaren helburu estrategikoetako bat da gipuzkoarrek lurraldean zehar mugitzea eta ostatuetaz gozatzea.
Ane Ruiz, Gipuzkoako Ostalaritzako zuzendari exekutiboak, ostatuen maila gastronomikoa azpimarratu du, proiektuak ikusgarritasun handiagoa eskainiko diela eta establezimenduak lehen lerroan jarriko dituela adieraziz. Sareak benetako bezero potentzialak erakarriko dituela gaineratu du.
Proiektuaren helburua Gipuzkoako barnealdeko sustapen turistikoa eta dinamizazio ekonomikoa indartzea da. Horretarako, Ostalaritza elkarteak laguntza emango die sarera sartzen diren ostatuei komunikazioaren, tresna digitalen eta bisitarientzako informazioaren arloan. Ana Ruizek azaldu duenez, Gipuzkoako ostatuak egungo turismo eskariarekin oso lerrokatuta daude, «benekotasuna, gastronomia tradizionala, lurraldearekiko lotura eta landa-ingurunea» baitira haien ezaugarriak.
Dominguezen arabera, sarea laguntza izango da herri txikientzat, jarduera ekonomikoa bultzatzen lagunduko duelako. Datuen arabera, urteko lehen hiruhilekoan Gipuzkoako turismoa, Donostia kontuan hartu gabe, %0,7 hazi da, 92.262 turista erregistratuz. Nazioarteko turismoak ere hazkunde argia izan du, %4,5eko igoerarekin.
Ostatuen sare turistikoa 'Zatoz eta zaindu' turismo estrategiaren barruan sartu du Aldundiak. Estrategiak iraunkortasunean, errespetuan eta zaintzan oinarritutako eredu turistikoa bilatzen du, turismo eredu partekatu, sendo eta iraunkorra eraikitzeko helburuarekin.




