Legazpi ko Ardanbideta inguruko parajeetan, zehazki Kimu-Berri aterpe ondoko zelai eta basoetan, hartuko du ostiral honetan arku-ehizako Euskadiko txapelketa nagusiak. Lehiaketa Euskal Ehiza Federazioa k eta Legazpiko ehiztariek antolatu dute, eta goizeko 09:00etarako du hasiera iragarrita.
Txapelketan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia ko ehiztari onenek hartuko dute parte, lurralde bakoitzeko sailkapen-txapelketetan Euskadiko txapelketarako txartela lortu dutenek. Federatuta dagoen edozein ehiztarik ere parte har dezake, baina txapela irabazteko aukerarik gabe. Antolatzaileek 25 ehiztari ingururen parte hartzea espero dute.
Lehiaketa bi modalitatetan banatuko da: arku konposatua eta arku tradizionala. Bi modalitateetan, parte hartzaileek antolakuntzak proposatutako ibilbideak egin beharko dituzte. Irabazlea zehazteko, ibilbidean dauden harrapakinei egindako eta asmatutako tiroen arabera jasotako puntuen batura hartuko da kontuan.
Euskadiko txapelketarako sailkapen proba gisa, Gipuzkoako txapelketa ere Legazpin bertan jokatu zen duela hiru aste. Arku konposatuarekin 15 ehiztarik parte hartu zuten, eta Andoni Osa k irabazi zuen, Iraitz Gutierrez eta Mikel Gorrotxategi sailkatu zirelarik ondoren. Arku tradizionalarekin, berriz, bost ehiztarik lehiatu ziren, eta Mikel Aranzabal ek eskuratu zuen garaipena, Ignacio Noguera eta Joseba Gezalaga ren aurretik.
Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten 20 ehiztariez gain, Bizkaiko beste lau ehiztarik ere hartu zuten parte, nahiz eta txapelketatik kanpo lehiatu ziren. Ekitaldiaren amaieran, parte hartzaile guztiek taldeko argazkia atera zuten.




