Gipuzkoa Etorbideko plazak hartuko du EH Sukarraren kontzertua, Mesedeetako jaietako lehen gaueko ekitaldi nagusia. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten "apustu potoloagoa" egin dute talde ezaguna ekartzearekin, nahiz eta horrek "lan-karga handiagoa" ekarriko dien.
Kontzertua baino lehenago ere ekitaldi ugari izango dira auzoan. 18:00etan hasita, txokolatada, dantza saioa eta txorizo dastatzea izango dira. Ondoren, 21:00etan, Konbo Itxaropena taldeak joko du, EH Sukarraren telonero gisa, rock-heavy talde klasikoen bertsioekin.
Larunbatean, auzoko bazkaria antolatu dute menu bereziarekin: helduentzat paella, okela-bolak, pantxineta eta kafea (17 euro), eta umeentzat makarroiak, okela-bolak eta jogurta (12 euro). Tiketak Asigorren eta Iratxon daude salgai, irailaren 19rako, nahiz eta tiketeetan irailaren 20a agertu.
Ohiko txapelketak ere ez dira faltako: musa, tutea, areto futbola, tortilla-txapelketa, toka eta mahai-futbol txapelketa. Tutea larunbatean arratsaldean izango da (16:30ean), eta musean gauean (22:30ean). Hiru sari nagusi izango dira: Edurtzan bazkaria, 60 euroko otarrea eta 40 euroko otarrea.
Areto futbol txapelketa larunbatean 17:00etan hasiko da, eta mahai-futbol txapelketa 19:00etan. Umeentzako puzgarriak ere izango dira larunbatean, eta igandean, erraldoiak, buruhandiak eta apar festa.
Musikari dagokionez, larunbatean Ahantzi taldeak girotuko du erromeria, eta 01:00 aldera Trujen eta Estrujenak taldeek jarraituko dute.
Jai Batzordeak, hamar bat lagunek osatua, "herritar guztiak" gonbidatu ditu jaietara, "haur, gazte, heldu... ongietorriak izango dira" adieraziz.




