Aurtengo edizioak, iazko arrakastari jarraiki, lurralde proiekzio, kultura ikusgarritasun eta eragin sozial handiagoko programazioa eskainiko du. Jaialdiaren helburua espazio publiko, natural eta ondare garrantzitsuak aktibatzea da, ingurumena errespetatuz eta jasangarritasun irizpideekin.
Jokin Telleria, Dantzeko zuzendariaren esanetan, aire zabaleko espazioak aktibatzen jarraitzea garrantzitsua da, musika elektronikoak ondarearekin, paisaiarekin eta komunitatearekin lotura izan dezan.
Zumaia izango da aurtengo edizioaren lehen geldialdia. Bertan, Aimar, Biggie, Chapy, Irune Muguruza eta Jota arituko dira. Antolatzaileek nabarmendu dute iazko hitzordua jende gehien bildu zuenetako bat izan zela, eta Itzurun hondartzak balio paisajistiko, sinboliko, zientifiko eta kultural aparta duela.
Gainerako lau geldialdiak abuztua eta urria artean izango dira: abuztuaren 14an Donostian, irailaren 19an Arrasaten, irailaren 26an Errenterian eta urriaren 3an Donostiako Hipodromoan. Horrez gain, Dantz Festival jaialdiaren hamargarren edizioa abuztuaren 28an eta 29an izango da Donostian.




