Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Unai Andueza, Ekonomia Sustapenaren eta Proiektu Estrategikoen diputatua, Biele enpresan izan dira, Urrestillako Larrañaga industrialdean kokatutakoan. Bertan, adimen artifizialean (AA) eta teknologia kuantikoan oinarrituta sortutako industria ikuskaritzarako "sistema aitzindaria" ezagutu dute. Foru aldundiak, bere Gipuzkoa Quantum programaren bidez, 70.261 euroko laguntza eman dio Biele Group-i sistema hori garatzeko.
Txomin Andonegi, Biele Group-eko zuzendaria; Agosti Aranburu, teknologia zuzendaria; Naiara Aldazabal, giza baliabideen zuzendaria; eta Olatz Galarza, Biele Digital eko zuzendari nagusia, izan dira aldundiko ordezkariekin batera proiektua aztertzen. Makina-erremintako enpresa honetan garatzen ari diren berrikuntza estrategiak eta aurrean dituzten erronkak ere hizpide izan dira.
Topaketaren ardatza Gipuzkoa Quantum programaren laguntzarekin martxan jarritako proiektuaren jarraipena egitea izan da. Bielen garatzen ari diren sistema berriarekin, "ikuskapen bisualeko sistema aurreratu bat garatuko da, adimen artifizial optimizatuan oinarrituta, ekoizpen lerro automatizatuetan eraginkortasunez integratzeko eta fabrikatutako piezetan akatsak denbora errealean eta zehatz detektatzen direla bermatzeko gai" izango dena. Enpresak "ikuspen artifizialeko ereduak ulertzera eta optimizatzera" bideratutako kuantikan inspiratutako teknikak erabili ditu, eta "hurbilketa berritzaile" honek "baliabide konputazional mugatuak dituzten industria inguruneetan algoritmo aurreratuak hedatzeko" aukera emango du.
Foru erakundearen aburuz, Biele-n garatzen ari diren teknologien aplikazio praktikoak "industria kalitatearen automatizazioari, digitalizazioari eta kontrolari lotutako funtsezko prozesuak indartzen" lagunduko du. Horrez gain, enpresaren "garapen teknologikoa" bultzatuko du eta Gipuzkoako industria produkzio sistema "adimendunago, efizienteago eta erresilienteagoetara eraldatzea" ahalbidetuko du. Mendoza k "garrantzi estrategikoa" azpimarratu du: "Berrikuntza aurreratua funtsezko tresna bihur daiteke gure enpresen lehiakortasuna indartzeko eta merkatu oso zorrotzetan aukera berriak irekitzeko". Teknologia kuantikoa "lehendik dagoen industria sarean ere integratzea" funtsezkotzat jo du, bereziki ETEetan, "Gipuzkoarentzat funtsezkoa" dela adieraziz.
Gipuzkoa Quantum programaren helburua da sortzen ari diren tresna eta baliabide teknologiko berriak enpresei beren jardueran txertatzen laguntzea. Biele Group bezalako enpresak programan sartzeak, aldundiaren esanetan, "Gipuzkoako industria sareak joera teknologikoei aurrea hartzeko, ezagutza aurreratua integratzeko eta berrikuntza lehiatzeko abantaila iraunkor bihurtzeko duen gaitasuna islatzen du".
Txomin Andonegi, Biele ko zuzendari nagusiak, ere goraipatu du programa. Nabarmendu duenez, beraien enpresaren plan estrategikoen oinarrietan "beti" jarri dute lehen lerroan "irtenbide industrial berritzaileen garapena". Teknologia kuantikoaren ezarpena eta horretarako laguntzak ardatz horretan kokatu ditu: "Gaur egun, lehentasunezko prozesua da teknologia kuantikoa txertatzea ikuskapen bisualeko ekipo eta sistemetarako adimen artifizialeko sistemen garapenaren oinarri gisa. Horretarako, Gipuzkoa Quantum programaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundia ren laguntza eta aholkularitza izatea funtsezko faktorea da proiektuan planteatutako helburuak lortzeko".




