Antolakundeak salatu duenez, Beasaingo Udala “aldarri politikoak zabaltzeko trabak jartzen ari” da. Udalak, bere aldetik, erabaki hori ez dela politikoa adierazi du, eta 2025ean onartutako ordenantza publikoetan oinarritzen dela. Ordenantza horren arabera, pankartak, kartelak eta antzeko elementuak udal-agintaritzak horretarako gaitutako eta titulartasun publikoko lekuetan soilik jarri daitezke.
Ordenantzak zehazten dituen leku horien artean daude Kale Nagusirantz ematen duten Loinazko San Martin plazako baranda, Loinazko San Martin plazako kioskoaren barandaren errenkada bat, Zaldizurretako biribilgune ondoko barandak, Gipuzkoa Plaza ondoko zubiko baranda, Igartza Oleta kalerantz ematen duen Loinatz futbol zelaiko itxitura, Ezkiaga auzoko frontoiko baranda eta horretarako gaitutako udal-iragarki taula metalikoak.
“"Txoko horien ikusgarritasuna oso mugatua dela, eta ez dutela balio aldarriak herritarren gehiengoak ikusi ahal izateko."
GKS-k argudiatu duenez, aipatutako gune horien ikusgarritasuna oso mugatua da, eta ez dute balio mezuak herritarren gehiengoari helarazteko. Gainera, pankartak jartzeko udalaren baimena eskatu beharrak “gazte antolatuon gaineko kontrola areagotzen” duela eta prozesua burokratizatzen duela adierazi dute, udalari “adierazpen askatasuna mugatzeko” ahalmena emanez.
Antolakundeak langileen aurkako “errepresioa eta kontrol soziala” ere salatu du, herrian instalatutako kameren bidez “funtzio errepresiboa argi ikusten” dela azpimarratuz. Aipatu dute 2026ko martxoan sei kamera berri instalatzeko 49.864,94 euroko aurrekontua onartu zela lau urterako. Horregatik, udalari eskatu diote orain arte jarritako isunak eta herriko kamerak ken ditzala, eta “ez dezala kalean politika egiteko mugarik jarri”.




