Anaitasunak berdindu eta igotzeko ligaxkarako sailkapena lortu du

Gorritxoek 1-1 berdindu zuten Euskalduna Andoaindarraren aurka, eta horrek Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko aukera eman die.

Futbol zelaia argi naturalarekin.
IA

Futbol zelaia argi naturalarekin.

Anaitasuna taldeak berdinketa lortu zuen zapatuan Euskalduna Andoaindarraren aurka, eta horri esker Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko ligaxkarako sailkapena ziurtatu du.

Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko ligaxka jokatzeko sailkatu da. Euskalduna Andoaindarra taldearen aurka jokatu zuten gorritxoek zapatuan Andoainen (Gipuzkoa), eta sailkapena lortzeko beharrezkoa zuten puntua batu zuten, 1-1 berdindu eta gero.
Partida hasiera batean Anaitasunaren nagusitasunpean izan zen, baloiaren jabetza bermatuz eta arrisku egoerak sortuz ezker zein eskuin hegaletatik. Hala ere, area barruan errematatzeko aukerarik ez zuten izan. Lehen hogei minutuak igaro ondoren, etxeko taldeak, Euskalduna Andoaindarrak, jokoa nahastu eta etenaldiak eragin zituen, baina ez zuten abagune garbirik sortu.
Atsedenaldira hutsean iritsi zen lehia. Aldageletatik itzuli eta berehala, 48. minutuan, etxekoek gola egin zuten baloia lapurtu eta area barruan erdiraketa baten ostean. Anaitasunak azkar erantzun zuen, eta 61. minutuan berdinketaren gola lortu zuen, Oihan Etxanizek area kanpotik egindako jaurtiketa batekin.
Berdinketaren ostean, bi taldeak boladaka aritu ziren. Anaitasunak garaipena lortzeko aukerak izan zituen, bereziki Aritz Albizurik area barruan aldaratze bat jasota, baina etxeko atezainak gelditu egin zuen. Amaierara hurbildu ahala, etxekoek presioa handitu eta aukera pare bat izan zituzten, baina Alain Sudupe atezainaren esku-hartzeek berdinketa mantendu zuten.
Puntu honekin, Anaitasunak ziurtatu du Gipuzkoako Ohorezko Mailako sasoia amaitzean igotzeko ligaxka jokatuko duela. Bertan, Mondragon taldearekin neurtuko dituzte indarrak zapatuan. Gainera, Arabako ordezkaria, Iru-Bat Santa Lucia, dago sailkatuta, eta Bizkaiko ordezkariaren izena erabakiko da datozen partiden ostean.