Ekimen honek Gipuzkoako baserritarren lana balioetsi nahi du, haien jarduerak ingurumen-orekan eta ekosistemen kontserbazioan duen eragin positiboa aitortuz. Foru Aldundiaren arabera, baserritarrek ekoizpen-lanaz gain egiten duten mantentze-lanak komunitate osoari mesede egiten dio, eta hori ekonomikoki saritu nahi da.
Laguntzak hiru azpisektoretara bideratuko dira: abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza. Abeltzainen kasuan, 0,4 eta 1,25 UGM (Abere Unitate Nagusia) arteko karga ganaduarra izatea eskatuko da. Nekazaritzan, kalitate-sistemetan izena emanda egotea beharrezkoa izango da, eta basogintzan, kudeaketa-plan aktiboa izatea.
Adituen arabera, proiektu hau aitzindaria da, nazioartean ez baita aurkitu antzeko ekimen instituzionalizaturik eta epe luzerako bermea duenik. Interesdunek ekainaren 30era arteko epea dute eskaerak kudeatzeko edo proposatutako zerrendan aldaketak egiteko.




