Aramaio-Legutiok irabazi dute Arabako Herriarteko Txapelketa

Taldeak iazko porrota mendekatu du final estuan, eta etorkizun oparoa ikusten du harrobian.

Pilotaren argazkia, frontoia eta ikusleak lausotuta.
IA

Pilotaren argazkia, frontoia eta ikusleak lausotuta.

Aramaio-Legutioko taldeak irabazi du Arabako Herriarteko Txapelketako finala, Amurriori 22-14 irabazita azken partidan.

Atzo jokatu zen Arabako Herriarteko Txapelketako finala, eta Aramaio-Legutioko bikoteak eskuratu zuen garaipena, Amurrioren aurka. Lehenengo partidua Amurriok irabazi bazuen ere, Aramaio-Legutiokoek aurpegia eman zuten eta bigarren partiduan markagailuari buelta ematea lortu zuten (22-19), txapela azken norgehiagokan erabakitzeko aukera sortuz.
Azken neurketan, Markel Arriolabengoak eta Asier Del Campok konfiantzaz jokatu zuten Eneko Gonzalezen eta Aitor Arauzoren aurka. Arriolabengoak nagusitasunez jokatu zuen eta Del Campok asmatu egin zuen aurrean, 22-14ko emaitzarekin garaipena eta txapela eskuratuz.

"Oso pozik gaude, izan ere, iaz galdu egin genuen eta arantza hori ateratzea lortu dugu."

Asier Del Campo · Pilotaria
Del Campok etorkizunari begira jarri du fokua, harrobiaren garrantzia azpimarratuz. "Oso garrantzitsua da behetik datozen umeak eta neskatilak. Haiek dira gure etorkizuna eta urte batzuk barru haiek izango dira protagonistak", adierazi du, Legution eta Aramaion erreleboa badagoela ziurtatuz.
Garaipen honekin batera, Del Campok erronka berriei ekingo die laster. Bihar, martitzena, Arabako lau eta erdiko txapelketa hasiko du Eñaut Motoren aurka Aramaioko frontoian, 19:00etan. Zapatuan, berriz, Euskal Ligako buruz buruko finalaurrekoa jokatuko du.