Udako azken festa egunetako bat izaten da Olagarro Eguna, eta aurten Zumaian ospatuko dute irailaren 19an. Antolatzaileek, aurreko urteetan bezala, herriko elkarteei laguntza eskatu diete festaren antolakuntzan parte hartzeko. Zehazki, herriko gune desberdinetan jarriko diren txosnetan eta plazan egingo den herri bazkarian lan egiteko boluntarioak beharko dituzte.
Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, hainbat lanpostu bete beharko dira egun horretan. Txosnetako lanetarako, talde bakoitzeko 20 lagun beharko dira ostiralean, irailaren 19an, olagarroa moztu eta brotxetak egiteko. Larunbatean, berriz, 09:00etatik 23:00etara bitartean, 15-20 lagun aritu beharko dira txosna bakoitzean.
Herri bazkaria zerbitzatzeko ere talde bat beharko da. Lan horretan, 400 laguni zerbitzatzeko azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria ateratzea, txartelak kentzea eta karpara sarrerak zaintzea izango da ardura nagusia. Ondoren, txukuntze eta jasotze lanak ere egin beharko dira, 25 bat lagunen artean. Montatze-desmontatze lanen koordinazioa Udaletxearen eta bazkari zein txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.
Parte hartu nahi duten talde edo elkarteek zenbait baldintza bete beharko dituzte. Elkarte horiek Zumaiako herriaren edo bere biztanleen onurarako lan egin behar dute, etekin ekonomiko propiorik gabe, eta kirol, kultura edo gizarte mailan jardun. Gainera, kideek euskaraz jarduteko gai izan beharko dute eta ez dira adin txikikoak izango edariak banatzeaz arduratuko direnak.
Interesdunek Zumaiako Udaleko Turismo Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-14 33 96 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zumaia.eus helbidera idatzita. Eskabideak aurkezteko epea abuztuaren 19an itxiko da.




