Istripua larunbateko 16:15ean gertatu da, AP-8 errepidean, Abadiñoko parean, Bilborako noranzkoan. Bi turismo-autok talka egin dute, eta pertsona bat zauritu da. Ondoren, Gurutzeta Ospitalera eraman dute.
Istripuan parte hartu duten bi ibilgailuak erdiko eta ezkerreko erreian geratu dira, Bilborako noranzkoan, eta horrek auto-ilarak sortu ditu. 17:00ak aldera, kilometro bateko luzera zuten ilarak.
Bestalde, N-1 errepidea, Villabonako parean, Donostiarako noranzkoan, 14:30etik aurrera moztuta egon da bi kamioiren eta turismo baten arteko istripu baten ondorioz, nahiz eta zauriturik ez izan. Errepidea berriro ireki da jada. Ibilgailu astunek guraizea egin dute galtzadaren gainean, eta horrek zirkulazioa etetea eragin du, laguntza-zerbitzuak ibilgailuak kentzeko lanean ari ziren bitartean.




