Bilboko Udalaren Expodistrito 2026 programaren barruan, argazki erakusketa bat antolatu da auzunearen eta bertako etxebizitzen historia jasotzeko. Karmelo Anakabe, Zabala Berri auzo alkarteko presidenteak, proiektuaren historia eta egungo erronkak azaldu ditu Lau Haizetara saioan.
Anakabek azaldu duenez, auzunea XX. mendearen hasierako etxebizitza arazoari erantzuteko sortu zen. Garai hartan trenbideetako langile asko baldintza txarretan bizi ziren, eta Trenbideetako Langileen Elkarte Orokorrak egoera horri aurre egin nahi izan zion. Norteko Burdina Bideen konpainiak lursailak utzi zizkion proiektuari, eta Etxe Merkeen legearen babesean, 269 familientzako etxebizitzak eraiki ziren, 1.200 pertsona ingururi bizileku duina emanez.
Auzoaren diseinua Francisco Alonso Martos arkitektoak egin zuen, eta Parisek Arte Ederretako eskolaren eragina eta “regionalismo montañés” estiloaren elementuak uztartzen ditu. Zabala Berri elkarteak urteurrena baliatu du balio arkitektoniko hau ezagutarazteko. Bilboko Udalak kultur babesa eman dio auzoari, baina elkarteak monumentu multzo izendapena eskatzen du eraikinen kontserbazioa eta auzoaren urbanizazioa hobetzeko, bereziki irisgarritasun eta espazio publikoaren hobekuntzei begira.
Treneko langileen etxeak 1926ko abenduaren 19an inauguratu ziren, Miguel Primo de Rivera Espainiako gobernuko presidentearen bertaratzearekin. Mendeurrena dela eta, Trenbidegileen etxeak mendeurrena (1926-2026) argazki erakusketa antolatu da. Materialaren zati garrantzitsu bat Fotolux argazki estudioak egindako irudiek osatzen dute, Erik Ruanoren bitartez berreskuratu eta digitalizatuak.
Erakusketa San Frantziskoko Udaltegian egongo da ikusgai irailaren 29ra arte. Ondoren, Castaños (urriaren 1etik 30era), Errekalde (azaroaren 3tik abenduaren 4ra) eta La Bolsa udaltegietara eramango dute (abenduaren 9tik 2027ko urtarrilaren 5era). Horrez gain, hitzaldi ziklo bat ere antolatu da.




