Elgoibar bi egunez bihurtu da Ongizatearen Plazaren egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimenak bere hamargarren geldialdia eginez. Egunotan, egungo errealitate berriek pertsonen ongizatean duten eragina aztertuko dute parte-hartzaileek.
Ekimenaren helburu nagusia ongizate integrala erronka kolektibo gisa hartzea eta horren inguruan hausnartzea da. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak aurkeztu zuten ekitaldia komunikabideen aurrean.
Ongizatearen Plaza iazko uztailean hasi zen bere ibilbidea Zarautzen, eta ordutik bederatzi herritan egon da: Zarautz, Bergara, Eibar, Hernani, Legazpi, Pasaia, Deba, Donostia eta Hondarribia. Elgoibarko topagunea lurraldean zehar jarraituko duen ekimenaren parte da, eta hainbat gai jorratuko ditu, hala nola, ariketa fisikoa, elikadura osasuntsua, pantailen erabilera, gazteen ongizatea, eta nekazaritzak, industriak zein sorkuntzak ongizatean duten eragina.
Maialen Gurrutxaga alkateak eskerrak eman zizkion Aldundiari Elgoibar aukeratzeagatik, eta azpimarratu zuen ongizatea erronka kolektiboa dela, erakundeek eta komunitate osoak elkarlanean aritu behar dutela.
Programazioa gaur goizean hasi da Adinberriren eskutik. Lehenik, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gidatutako kirol saio irekia izan da. Ondoren, Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia eskaini dira. Geroago, Jakoba Errekondo adituak elikadura arduratsua eta jasangarriaren gakoak partekatu ditu hiru nekazari gazterekin batera, belaunaldi berrien esperientziak eta nekazaritzaren etorkizuneko ikuspegiak azaleratuz.
Arratsaldean, etorri berrien eta bertakoen arteko solasaldia izan da hizkuntza, nortasuna, integrazioa eta elkarbizitza gaiak jorratuz. Eguna borobiltzeko, Idoia Torregarai umoregileak ongizate emozionala lantzeko tailerra gidatu du barrearen eta umorearen bidez.
Bihar, gazteen ongizatea izango da ardatz nagusia, sare sozialen adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua bezalako gaiak landuz. Ondoren, makina-erremintak Elgoibarren izan duen eragina eta lan munduaren bilakaerak ongizatean izan duen eragina aztertuko da sektoreko profesionalekin.
Ostiral arratsaldean, 'Pantailen aroan, erabilera osasungarria' izenburupean, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzeko saioa izango da, batez ere gurasoei zuzenduta. Geroago, sorkuntzak ongizatean duen eragina aztertuko da diziplina ezberdinetako sortzaileekin. Topaketari amaiera emateko, Mausitxa gazta dastaketa egingo da Lizagasar sagardoarekin.




