Gaztetxoen Antzerki Eskolak ateak zabalduko ditu Azpeitian

Kulturaz kooperatibak antolatutako antzerki eskolak izena emateko epea zabaldu du, 8 eta 16 urte bitartekoentzat.

Irudi generikoa haur eta gazteen antzerki tailer batena.
IA

Irudi generikoa haur eta gazteen antzerki tailer batena.

Kulturaz kooperatibak Gaztetxoen Antzerki Eskola antolatu du berriro, eta Xanti Agirrezabalagak eta Alaitz Olaizolak emango dituzte eskolak Azpeitian, 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat.

Izena emateko epea gaurtik hilaren 30era arte egongo da zabalik, antolatzaileek prestatutako formularioaren bidez. Eskolak Dinamoa sormen gunean izango dira, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:15etik 18:15era eta 18:30etik 19:30era arteko ordutegietan.
Ikasleek antzerkigintzaren hainbat alderdi landuko dituzte, hala nola kodeak, egiteko moduak, prozesuak eta metodoak. Helburua da proiektu eszenikoetan parte hartzeko aukera ematea, bai bakarka zein taldean, eta sormena antzerkiaren bidez bideratu eta taularatzeko tresnak eskuratzea.
Antolatzaileek eskatu dute izena ematerakoan ikasleek dituzten ordutegi aukera guztiak adieraztea, taldeak egoki osatu ahal izateko.
Kulturazek nabarmendu du herrian antzerkirako interesa badagoela, batez ere Antzerki Topaketei esker. Gaztetxoen Antzerki Eskolak tradizio horri eusten dio eta txikitatik antzerkirako zaletasuna sustatzea du helburu. Antolatzaileen arabera, gero eta ikasle gehiago hurbiltzen da eskolara, eta dagoeneko trebatutako antzezle asko dira bertatik igaro direnak.
Ikastaro hauek kultur funtzioaz gain, betekizun soziala ere badutela gaineratu dute, gazteei harreman sozialak lantzeko eta garatzeko baliagarriak baitzaizkie.