Unicefek 10 eta 20 urte bitarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 7.675 haur eta nerabeari egindako inkesta batean oinarritutako txostenak, "Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala", ohartarazi du gazteen artean sare sozialen erabilera "modu masiboan" hedatuta dagoela.
Inkestatutako nerabeen %93 gutxienez sare sozial batean erregistratuta dago, eta %77,7k hiru plataforma edo gehiagotan. Lehen mugikorra batez beste 11,18 urterekin eskuratzen dute, eta 13 urtetik beherakoen %73,7 sare sozialetan dago jada. Denborari dagokionez, %7,1ek bost ordu baino gehiago eskaintzen die sare sozialei eskola egunetan, eta asteburuetan portzentaje hori %16ra igotzen da.
Txostenaren egileek adierazi dute erabilera horrek adikzioak sor ditzakeela; izan ere, nerabeen %4,3k "sare sozialen erabilera problematikoa" du, nesken artean portzentajea handiagoa delarik (%5,5) mutilen artean (%2,8). Gainera, pornografiaren normalizazioa arazo nagusietako bat da, lehen kontaktua 12 urterekin izaten baitute, eta inkestatuen %30ek onartu du noizbait kontsumitu izana.
Gailuen neurrigabeko erabilerak ere kezka sortzen du: gurasoen ia erdiak (%51,6) seme-alabekin hitz egiten du mundu digitalaren arriskuez, baina %42,4k soilik ezartzen die araurik mugikorraren erabilerari. Txostenak gurasoen bitartekaritza handitzea eta erakunde, eskola eta sektore pribatuaren erantzukizuna azpimarratzen ditu, baita haurren eta nerabeen parte hartze aktiboa ere.
Datuak kezkagarriak dira: inkestatutako nerabeen %13,9k antsietate, depresio edo somatizazio sintomak ditu, eta %6,1ek bere buruaz beste egiteko arrisku handia erakusten du. Nesken artean arrisku horiek nabarmen handiagoak dira. Hala ere, 2021eko datuekin alderatuta, aurrerapenak ere ikusi dira erabilera arduratsuan, hala nola sexting pasiboaren eta aktiboaren jaitsiera, baita ziberjazarpenaren beherakada ere.




