Nahiz eta kostaldeko haizea ahula izan, freskotasun sentsazioa atsegina zen, eta egun osoan zehar jasandako bero karga arintzen laguntzen zuen. Pareko etxea jada itzaletan zegoen, eguzki izpien distira galdua zuen fatxadarekin, eta itxita egon ziren leihoak eta pertsianak zabaltzen hasiak ziren.
Bat-batean, elkarrizketa bat entzun zen, gazteleraz, gertutik. Bi auzokide, bata laugarren pisuan eta bestea bosgarrenean, balkoietatik hizketan ari ziren. Haien arteko solasaldiak hainbat gai jorratu zituen: norbaiten heriotza, bizitza, eta, nola ez, beroa bera.
Orain ikusten ez den argazkia nuen parez pare; komunikatzeko eta sozializatzeko beste era bat.
Gaur egun, mugikorrek eta sare sozialek nagusitzen diren aro honetan, non aurrez aurreko komunikazioa audio edo testu mezuen bidezkoak ordezkatu duen, oraindik ere lehengo ohiturari eusten dioten auzokideak badaude. Garaiak aldatu dira nabarmen; askotan, ez ditugu gure bizilagunak ezagutzen ere, eta ezagutu arren, agur soil batera mugatzen gara.
Hasiera batean beroari buruz kexatzeko asmoa nuen arren, egoera honek zutaberako gaia eman dit, aspaldian ikusi gabeko argazki bat berreskuratuz.




