2012an sortu zen Sare Herritarra, garai hartan ETAk borroka armatua amaitu berri zuela eta gatazkaren ondorioak bizi-bizi zirela. Elkartearen helburua zen "aniztasuna bilatzea, euskal presoen eskubideen urraketak amaitzeko, indarkeriaren biktima guztiak oso kontuan hartuta".
Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga, Sareko bozeramaileek, azaldu dutenez, "urruntze- eta sakabanatze-politika salatzeari" ekin zioten hasieratik, eta horrek errepidean izandako istripu eta heriotzak ekarri zituen. Gaur egun, egoera aldatu dela adierazi dute: 665 presotik 120 bat geratzen dira, eta horietatik %70 hirugarren graduan edo 100.2 artikuluarekin daude.
Honek guztiak "dinamikak egokitzea" eskatzen duela iragarri du Sarek. 2026-2027ko garaia trantsizio aldia izango dela aurreikusten dute, eta "mobilizazioekin nola jokatu eta haien egokitasuna aztertuko" dutela gaineratu dute. "Pentsatu behar dugu, gauzak ongi eginez gero, Sareren amaiera garaipen kolektiboa eta diskretua izango dela", adierazi dute.
Urte luzez, urtarril hasieran Sarek manifestazioa antolatu izan du Bilbon presoen eskubideen alde. Hurrengoa 2027ko urtarrilaren 9an izango da, "Denok Bilbora. Helmuga, denak etxera!" goiburupean, eta iragarri dutenez azkena ere bai. "Elkarbizitza eta konponbidea bezalako hitzak egia bihurtzeko behin betiko urratsa emateko borondate irmoarekin joango gara", zehaztu dute.
Preso eta iheslari guztiak etxera itzultzeko bidean oraindik zailtasunak daudela aitortu du Sarek. Hamahiru iheslari eta hiru deportatu daude atzerrian, eta Auzitegi Nazionalak gogor jokatzen du haien kasuan. Horrez gain, 26 presok ez dute espetxe ibilbidea onartzen, eta Frantziako Estatuan diren presoen egoera ere aipatu dute, hala nola Mikel Karrera eta Saioa Sanchez.
Zailtasunik handiena 40 urteko kartzela zigorra duten hamalau presoena da, batzuek 2040ra arte ez baitute lehen baimenak lortuko. Gainera, hamabi bat lagunen aurkako auziak irekita daude, ETAko zuzendaritzan egondako pertsonei atentatuen ardura leporatuz.




