Orendain herrian ere ospatu dute Ama Birjinaren eguna. Goizean sagardo dastaketa egin dute, eta arratsaldean, berriz, familia artean jolasteko aukera izan dute Urritzondo pilotalekuan, askotariko egurrezko jolasen eskutik. Haurrak eta zenbait guraso bertaratu dira ekitaldi honetara.
Bitartean, Eltxo Elkartean V. Mus Txapelketa jokatu da. Guztira 18 bikotek eman dute izena eta 20 euro ordaindu dituzte parte hartzeko. Sariak hiru bikote onenenentzat izan dira: 200 euro eta txapela lehen sailkatuarentzat, 100 euro bigarrenarentzat eta 60 euro hirugarrenarentzat.
Une honetan, Perejil taldearekin kantu poteoa egiten ari dira, eta 21:00etatik aurrera, zahagi ardoa izango dute dastagai. Ondoren, 22:00etan hasita, Orendaingo II. Frontenis Txapelketa Herrikoiko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Aitor-Arandia eta Irati-Andoni bikoteek. Jarraian, finala jokatuko dute Iñaki-Axier eta Julen A.-Julen T. bikoteek.




