Durangaldea eta inguruko hainbat txoko ezagutuko dituzte datozen egunetan zortzi ume palestinarrek eta haien bi begiraleek. Kemper-Gwezhenneg (Bretainia) udalerrian egon ostean iritsi dira eskualdera, hamahiru orduko autobus bidaia luzea eginda. Umeetako batzuk Durangoko Ibaizabal ikastolako aterpetxean hartu dituzte, eta beste batzuk durangar baten etxean egingo dute egonaldia. Domeka arte luzatuko da haien bisita, eta tarte horretan, bakea eta gozamena sustatzea dute helburu nagusi.
Egitarau zabala prestatu diete antolatzaileek. Bihar, esaterako, Iurretan izango dira, bertako dantza taldearekin dantzan aritzeko eta herri afarian parte hartzeko. Ondoren, Ondarroako hondartzara joango dira. Datozen egunetan, Deba, Durango, Elorrio, Barakaldo eta Bilbo bisitatuko dituzte. Durangon, ur-txorrotekin freskatuko dira eta Tabirako jaietan dantzak eskainiko dituzte. Elorrioko igerilekuak ere bisitatuko dituzte, eta Bizkaiko hiriburuan, San Mames eta Lezama ezagutzea aurreikusi dute.
Egonaldian zehar, eskualdeko hainbat elkarte eta eragileren babesa izango dute umeek eta begiraleek. Besteak beste, Durangoko eta Elorrioko Palestinaren aldeko mugimenduak, Berbaro elkartea, Tabirako jai batzordea eta Mesoi Barria taberna izango dituzte lagun. Azken horretan bertan egingo dituzte gosari, bazkari eta afari guztiak.
Ume palestinarrak domekara arte egongo dira eskualdean. Ondoren, Barajas eta Niza aireportuetatik hartuko dituzte hegaldiak, eta handik etxera itzuliko dira. Zortzi haurrak Nakba bizi izan zutenen ondorengoak dira; 1948ko exodoan jatorrizko herriak utzi eta Nablus hiriko kanpalekuan babes hartu zutenen ondorengoak dira, gaur egun Zisjordania iparraldean bizi direnak.




