Mankomunitateak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio Berrizko belodromoaren "lidergo instituzionala" har dezala

Durangaldeko erakundeak azpiegitura estaltzeko proiektuaren ardura eta finantzaketa partekatzea proposatu dio Aldundiari.

Irudi generiko bat: bizikleta pistaren kurbaren hurbileko irudia, hutsik eta garbi.
IA

Irudi generiko bat: bizikleta pistaren kurbaren hurbileko irudia, hutsik eta garbi.

Berrizko belodromoa estaltzeko proiektuak aurrera pauso bat eman du: Durangaldeko Mankomunitateak Bizkaiko Foru Aldundiari proposatu dio azpiegituraren "lidergo instituzionala" hartzea, bai inbertsioan, bai etorkizuneko kudeaketan.

Joan den astean hainbat txirrindulari bizkaitarrek azpiegitura "lehenbailehen" estaltzeko eskatu ondoren, Durangaldeko Mankomunitateak iragarri du gaur bertan egingo diola proposamena Bizkaiko Foru Aldundiari, belodromoaren "lidergo instituzionala" har dezan.
Mankomunitatearen arabera, belodromoak "Bizkaia osorako erreferentziazko azpiegitura" bihur daiteke bere ezaugarriengatik eta erabilera potentzialagatik. Horregatik, "haren etorkizuna ezin da soilik Durangaldearen gaitasun ekonomikoaren ikuspegitik aztertu", eta Aldundiari eskatu dio proiektua "estrategikotzat" joz gero, lidergo instituzional handiagoa hartzeko, bai inbertsioan, bai etorkizuneko kudeaketa ereduan.
Azpiegitura estaltzeak 6,8 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke, eta horietatik 3,5 milioi Durangaldeko instituzioak berak finantzatuko lituzke. Hala ere, Mankomunitateak adierazi du konpromiso ekonomiko horrek "modu oso nabarmenean" baldintzatuko lituzkeela bere finantza gaitasuna eta zerbitzu publikoei erantzuteko aukera. Horregatik, Aldundiari proposatuko diote haren "lidergoa" hartzea.
Mankomunitateak azaldu du eskualdeko alkateekin bildu dela "etorkizuneko aukeren eta erronken inguruko hausnarketa partekatua" egiteko. Erakundea "prest" agertu da "bere neurrian laguntzeko" eta proiektuaren garapenean parte hartzeko, betiere bere gaitasun ekonomikoarekin eta zerbitzu publikoen bermatzearekin bateragarria den esparru batean. Era berean, Durangaldeko txirrindularitza klubek, kirol elkarteek eta erabiltzaileek urteetan egindako lana eta belodromoak eskualdeko kirol eta harrobiarentzat izan duen balioa aitortu dituzte.