Tobe Alexandersson norvegiarrak (4:08:09) eta Elhousine Elazzaoui marokoarrak (3:45:07) irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Hala ere, lasterketak beste protagonista asko utzi ditu, eta nabarmenetako batzuk debagoiendarrak izan dira. Hain zuzen, duela bi hilabete Gatzatrail lasterketan nagusitu ziren Malen Osa eta Aitor Ajuria onenen artean ibili dira. Oñatiarra bigarren izan da emakumezkoetan (4:23:56), eta gatzagarra lau ordutatik jaitsita bederatzigarren sailkatu da (3:57:56), lau atleta euskaldunek baino ez dutelarik hori lortu.
Emakumezkoetan, Tobe Alexandersson oso indartsu ibili da, 15 minutuko tartea atera diolako Malen Osari. Norvegiarrak lasterketako errekorra ezarri du. Podiuma Malen Osa oñatiarrak (4:23:56) eta Sara Alonso donostiarrak (4:25:51) osatu dute. Bi euskal korrikalarien arteko lehia estua izan da; hasieran Alonsok aurrea hartu badio ere, Aizkorriko gailurrean Osak aurrea hartu eta marka berria ezarri du emakumezko euskaldunen artean.
Malen Osak lasterketak alde batera uzteko asmoa adierazi zuen duela hilabete pasatxo, arazo fisikoak zirela medio. Karranpekin izandako arazoei irtenbidea aurkitu ondoren, maiatza hasieran Matheysins-eko Skyrace proba irabazi zuen eta gaur berretsi du bide onetik doala. "Saiatu naiz lasterketetara lasaiago joaten, presioa kendu diot nire buruari eta gozatzera etorri naiz", adierazi du. "Badakit gorputza ondo daukadala, gai naizela korrika azkar egiteko eta burua eta gorputza bat datozenean ondo irtetzen dira gauzak".
Oñatiarrak argi zuen lehen kilometroetan ez zuela zentzurik Toberen atzetik joateak. "Oso lasai irten naiz, igoeretan ondo ikusi dut nire burua eta jaitsieretan normalean ondo ibiltzen naiz. Tobe beste maila batean dago, oso pozgarria da ikustea emakumezkoen kirola zela dabilen eboluzionatzen", esan du. "Baina ez nuen espero Sararekin horren goiz izatea borroka. Asko gozatu dut harekin izandako lehia, oso agonikoa izan da, eta asko pozten naiz bai niregatik, eta baita harengatik ere".
Gizonezkoetan, Aitor Ajuria (3:57:56) izan da euskal atleta onena, bederatzigarren helmugaratuta. "Lau ordutatik jaitsi duen laugarren euskal korrikalaria izan naiz, baina lehenago ere egon dira sekulako lasterketak egin dituzten beste korrikalari euskaldun batzuk", adierazi du gatzagarrak. "Hasieratik joan naiz nire erritmoan, burua hotz, amaieran erritmoa galdu dut baina ez asko, lasterketa ondo kudeatu dudan seinale". Ajuriak Kilian Jornet handia ere atzean uzteko aukera izan du jaitsieran, nahiz eta kataluniarrak arazo fisikoak izan.
Aipatzeko moduko lasterketa egin du, baita ere, Xabier Letek. Oñatiarra bosgarren izan da beterano mailan (4:32:24). Ander Nafarrate arrasatearrak (4:37:26) eta Asier Azkarate (4:38:30) ere ondo ibili dira. Bestalde, Iñigo Uribarren arrasatearrak ere lortu du 5 orduko langatik jaistea (4:59:22). Nesketan, Garazi Abasolo aretxabaletarrak 5:34:49ko marka egin du.
Kilometro bertikalean ere nabarmendu dira debagoiendarrak. Aitor Ugarte aramaioarra bosgarren izan zen (34:27), Aritz Unamuno bergararra zortzigarren (35:02) eta Iñigo Alzola arrasatearra bederatzigarren (35:06).




