Lurraren Zientzietako IX. Topaketa Nazionala egin da Mañarian

Espainiar Estatuko 60 bat zientzialari bildu ziren asteburuan Mañarian, Lurraren Zientzien inguruko elkarteak.

Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionaleko parte-hartzaileak bileran.
IA

Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionaleko parte-hartzaileak bileran.

Mañarian bildu ziren joan den asteburuan, maiatzak 30 eta 31n, Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionaleko 60 bat ordezkari, espainiar estatuko hainbat elkartetakoak.

Mañarian ospatu zen joan den asteburuan, maiatzak 30 eta 31n, Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionala. Hontza Museoa Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu zuten ekimena, Mañariko Udalaren eta Aldundiko Kultura Sailaren babesarekin. Espainiar Estatuko hainbat lurraldetatik gerturatu ziren zientziarekiko interesa duten elkarteetako ordezkariak, hala nola Katalunia, Alacant, Aragoi, Madril eta Murtzia, guztira 60 bat lagun inguru. Euskal Autonomi Erkidegotik, berriz, MUFOMI, Luberri eta Harridunak elkarteek hartu zuten parte.
Aranzadi Zientzia Elkarteak balorazio positiboa egin du topaketaren inguruan, eta nabarmendu du "harremanak sendotzeko" balio izan duela. Jardunaldia zapatuan goizean hasi zen, akreditazioen banaketarekin eta Aitziber Areitio Mañariko alkateak, Leire Huertak (Hontza Museoa Fundazioko zuzendaria) eta Joxeba Larrañagak (Aranzadi Zientzia Elkartekoa) egindako agurrekin. Jarraian, Enrike Huertak, Hontza Museoa Fundazioko presidenteak, museoaren hastapenei eta bilakaerari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Ondoren, Asier Gomezek eta Monika Villalbak, doktoreek, Neandertalak Euskal Herrian eta Durangaldeko lurraren inguruko hitzaldiak eman zituzten, bertan aurkitutako Ursus spelaeus (kobetako hartza) aztarna ugariei erreferentzia eginez.
Bazkalostean, egitarauak jarraipena izan zuen Hontza Museorako bisita gidatu batekin eta Angurreta harrobira egindako beste batekin. Bisita hauetan parte hartu zuten Victor Arrizabalaga doktoreak, harrobiko arduradunak, eta Arantza Aranburuk eta Laura Damasek, Aranzadi Zientzia Elkarteko geologo doktoreek. Arratsaldeko jarduera luzeen ondoren, parte hartzaileek bilera bat egin zuten hurrengo urteko topaketaren nondik norakoak eta Lurraren Zientzien inguruko elkarteen beste kezka batzuk eztabaidatzeko.
Domekan, topaketei amaiera emateko, Arantxa Bodego doktoreak (Aranzadi Zientzia Elkarteko geologia sailekoa) gidatutako ibilaldia egin zuten Urkiolako Parke Naturalean barrena, bertako geologiaren berezitasunak ezagutzeko. Jardunaldi borobil bat eman zioten amaiera Urkiolan egindako mokadu batekin.