Gaur egungo gizartean, ongizateaz eta buru osasunaz etengabe hitz egiten den arren, errealitate asko mozorrotzen dira zenbait erakundetan. Langile askok igande arratsaldeetan ezinegona sentitzen dute hurrengo eguna dela eta, eta batzuek gaua lo egin ezinik igarotzen dute.
Gizarte kapitalistak etengabeko produkziora bultzatzen gaitu, sarritan muga 'osasuntsuetatik' haratago, eta hori normaltzat hartzen hasi gara. Hala ere, ez da normala lanean kateatuta egotea, ordu estrak sartzea, nagusiarekin hitz egiteko beldur izatea, lanean ez zaudenean ere burua lanean edukitzea, presio izugarria jasatea, dagokizun lanetatik haratagokoak egitea ordaindu gabe, astelehenaren beldur izatea, edota hau guztia normala dela pentsatzea.
Lan inguruneak seguruak izan behar dira, langileen osasun fisikoa nahiz psikologikoa zainduz. Erakunde askok errespetua, enpatia, aniztasuna, inklusioa eta ongizatea sustatzen dituztela adierazten dute, baina praktikan, sarritan, diskurtso ederrak izaten dira soilik, eta lurrean zulo sakonak aurkitzen dira.
Azken uneko egoerak, ustekabeko arazoak eta pertsona berari egokitzen zaizkion zeregin anitz kudeatzeak nekeza izan daiteke. Erresiliente izatea oztopoei aurre egiteko gaitasuna da, baina norbait bere onetik nola probetxatzen den ikustea ez da hori.
Zenbait kasutan, antsietateagatik edo depresioagatik baja asko egoteaz kexatzen dira. Lan baldintza duinak egonez gero, horrelako egoerak ez lirateke hain sarri gertatuko. Hala ere, errazagoa da dena langilearen errua dela esatea.
Lan ingurune seguruak eskubide dira, eta horiek bermatzeko, buru osasuna erdigunean jarri eta prebentzioan lan egitea ezinbestekoa da.




