Lagun Onakek galdu arren, igoera postuetan jarraitzen du Hirugarren Mailan

Azpeitiko taldeak 0-1 galdu zuen Durangoren aurka Garmendipen, baina play-off postuei eusten die denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean.

Irudi generikoa futbol baloi bat belar berdean, atearen sarea atzealdean lausotuta.
IA

Irudi generikoa futbol baloi bat belar berdean, atearen sarea atzealdean lausotuta.

Lagun Onak futbol talde nagusiak 0-1 galdu zuen Durangoren aurka Garmendipen jokatutako partidan, baina emaitza horrek ez du eragotzi Hirugarren Mailako igoera play-off postuetan jarraitzea.

Azpeitiko taldeak, nahiz eta jokoaren ekimena eta aukera ugari izan, ez zuen asmatu aurkariaren atea zulatzen. Durangok, berriz, partida osoan izan zuen aukera garbi bakarra aprobetxatu zuen, eta horri esker lortu zuen garaipena. Bisitarien atezaina izan zen neurketako jokalari nabarmenena, etxekoen erasoak behin eta berriz geldituz.
Partida, Realaren finala zela eta, ostegunera aurreratu zen. Durangok atzean sartuta jokatu zuen, kontraerasoaren bila, eta estrategia horrek fruituak eman zizkion. Bigarren zatiko hamargarren minutuan iritsi zen neurketako gol bakarra, eta Lagun Onakek ezin izan zion erantzun.
Hiru jardunaldi falta dira Hirugarren Mailako denboraldi erregularra amaitzeko. Bi partida jarraian galdu arren, Lagun Onakek igoerako kanporaketak jokatzeko postuei eusten die. Une honetan laugarren postuan dago, 52 punturekin. Igoera play-offa bigarrenetik bosgarren postura arte sailkatzen diren lau taldeek jokatuko dute.
Jokoan bederatzi puntu geratzen dira, eta Lagun Onakek lau puntuko aldea du hirugarren postuan dagoen Touringekiko. Atzetik, berriz, bi puntura du bosgarren postuan dagoen Alaves C, eta hiru puntura seigarren eta zazpigarren postuetan dauden Derio eta San Ignacio. Datorren igande eguerdian, Añorgaren zelaian jokatuko du Lagun Onakek, jaitsiera saihesteko borrokan murgilduta dagoen talde baten aurka.