Lizagasar Erronka mendi lasterketaren hirugarren edizioa ospatuko da irailaren 11n, Berrizko Azkue auzoko Lizagasar Sagartokiko sagastian. Antolatzaileek ehun dortsal jarri dituzte gehienezko mugatzat, eta izena online bakarrik eman ahal izango da, irailaren 11ra arte. Parte hartzeko, 14 urtetik gorakoa eta federatua egotea eskatzen da, eta 10 euroko prezioa izango du dortsalak.
Horrez gain, Erronka Txikia ere antolatu da 12 urtera arteko umeentzat. Probak ez du izaera lehiakorrik izango eta parte hartzaile guztiek jasoko dute oparia. Izen-ematea 10:00etatik 11:00etara izango da, eta proba bera 11:10ean hasiko da.
Lasterketa berezia da Lizagasar Erronka, izan ere, Karakateren magalean dagoen sagastian jokatzen da. Bertan, 2.300 sagasti daude, 60 sailetan banatuta, eta parte hartzaileek 8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, 750 metroko desnibel positiboarekin eta %35eko maldekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, "aurten paisaia guztiz koloretsua aurkituko dugu, sagarrondoak distirarik handieneko unean baitaude, sagarrez beteta".
Egun osorako egitaraua prestatu dute. 10:00etan irekiko dituzte ateak eta txosnak ere. Ikusleek sagastia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, eta musika ere izango da, Pires DJak girotuta. Sari banaketa 13:00etan izango da.
Antolatzaileek gogorarazi dute ezingo dela sagartokian edo inguruan aparkatu, eta inguruko aparkalekuak erabiltzeko gomendatu dute, hala nola Mintxetakoa.
Lizagasar Erronkaren aurreko edizioetan parte hartu duten 28 lagunen artean, Iñigo Lariz eta Pilar Arriola izan ziren azkarrenak.




