Vatikanoan izan ziren txirrindulariei omenaldia Leintz Gatzagan

Luis Serrano, Angel Serrano eta Jose Luis Saenz omenduko dituzte Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatu eta 66 urtera.

Vatikanoan izan ziren hiru txirrindulari omenduak.
IA

Vatikanoan izan ziren hiru txirrindulari omenduak.

Luis eta Angel Serrano anaia bizkaitarrek eta Jose Luis Saenz arabarrak Vatikanoan egindako 3.200 kilometroko txirrindulari-bidaia gogoratu eta omenduko dute Leintz Gatzagan. Giovanni XXIII.a aita santuak Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatu zuen 1960an.

Leintz Gatzagan merezitako omenaldia jasoko dute Luis eta Angel Serrano anaia bizkaitarrek eta Jose Luis Saenz arabarrak. Hiru gazte hauek Vatikanoan izan ziren 1960ko abuztuan, Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko helburuarekin. Abuztuaren 8an aita santuaren audientzia izan zuten, eta abuztuaren 28an lortu zuten izendapena baieztatzea. Orain, 66 urte geroago, haien balentria gogoratuko dute.
Dorletako Santutegian egingo diete ongietorria hiru txirrindulariei, eta aurreskua dantzatuko diete. Horacio Argarate parrokoak eta Dorletako Ama elkarteko kideek hitza hartuko dute, eta duela 66 urte egindako 3.200 kilometroko txirrindulari-bidaiaren garrantzia azpimarratuko dute. "Sekulako meritua du egin zutenak. Garai hartan gaur egun baino zailtasun handiagoak zeuden halako zerbait egiteko, eta eurek lortu zuten. Italiako eremu hura oso bortitza da, oso menditsua, eta horrek are eta balio handiagoa ematen dio lortu zutenari", adierazi du Joxerra Agirreurreta Dorletako Ama elkarteko kideak.
Omenduei Dorletako Santutegiko museoa erakutsiko diete, eta ondoren Toki Eder elkartean bazkalduko dute. Gertuko 30 bat pertsona inguru espero dituzte. "Erromatik bueltan, Gasteizen ongietorria egin zieten, baina harrezkero ez dira elkarrekin egon, eta harremana galduta zuten. Gatzagaren inguruko erreportaje bat ikusita izan zuten gure berri familiek, eta gurekin harremanetan jartzea lortu zuten", azaldu du Agirreurretak. Sei hamarkada igaro eta gero, Dorletako Santutegia txirrindularientzat ikur izatea lortu zutenak elkartuko dituzte herrian bertan, eta oso une hunkigarria izango dela uste du.