Juan Orobiogoitia institutuko ikasleek Pedro Gallastegi zaldibartarraren esperientzietan oinarritutako antzezlan bat sortu dute, bederatzi urte zituela Gerra Zibila bizi izan zuen haurraren ikuspegitik. Obrak Zaldibarren familiaren eguneroko bizitza erakusten du hasieran, erreketeak herrira iritsi eta gero Gernikara ihes egin behar izan zuten arte. Sortzaileek adierazi dute amaiera tristea duela, garai hartako beste istorio askoren antzera.
Bestalde, Durangoko institutuko ikasleek Maria Luisa Ruiz Aranaren bizipenak landu dituzte. Antzezlan honek identitate galdua eta gerrak hautsitako familia loturak ditu ardatz, Maria Luisak eta bere familiak gerran galdutako neba aurkitzeko egindako bilaketa etsia kontatzen baitu.
“"Denbora batera, Maria Luisaren nerabezaroan, berak eta familiak administraziora jo zuten arrastoren baten bila, baina sisteman ez zieten kasurik egin. Obrak desesperazio hori kontatzen du."
Izei Irastorza eta Enea Arza, Juan Orobiogoitia institutuko 15 urteko ikasleek, antzezlanean parte hartu dute. Irastorzak Pedro Gallastegiren papera hartu du, eta adierazi du antzezlanak gerrako egoera lazgarriak hobeto ulertzen lagundu diola. Arzak, berriz, dantzari gisa aritu da eta istorioarekin lotura berezia sentitu duela dio, Zaldibarkoa delako eta antzezlanean aipatzen diren auzo eta izenak ezagunak egiten zaizkiolako.
Ikasleek adierazi dute estreinaldiaren aurrean urduri eta gogotsu daudela, inoiz ez baitira horrelako eszenatoki batean egon. Azpimarratu dute antzezlanak hilabeteetako lana duela atzean, klase orduetatik kanpo ere ordu asko eskaini baitizkiote proiektuari.
Antzezlanak Durangon estreinatu ondoren, Donostian (maiatzak 8), Gasteizen (maiatzak 15) eta Gernikan (maiatzak 22) ere ikusi ahal izango dira.




