Garbiñe Larreak ikastaro bat emango du hilaren 23an Azoka Plazan, Azpeitian. Ikastaroak 'Udazkeneko zainketak eta negurako prestaketak' izenburua du, eta Argiak eta Elkarguneak elkarlanean antolatu dute, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.
Antolatzaileen arabera, udaberria eta udazkena dira sendabelarrekin garbiketa egiteko garai egokiak euskal tradizioan. Udazkenean, bereziki, giltzurrunei eta birikei erreparatzen zaie, negurako gorputza indartzeko. Ikastaroan, sendabelar egokiak hautatuko dituzte infusioak eta tinturak prestatzeko, eta elikadurako baliabideak ere landuko dituzte.
Ikastaroa astelehenean izango da, 18:30ean. Sarrerak Elikaguneko bazkideentzat lau euro dira, eta gainontzekoentzat bost euro. Sarrerak Entradium atarian eros daitezke.
Bestalde, Argiaren ilargi eta landare agendak hamar urte beteko ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, Argiaren Bizi Baratzea sailak bertso bazkaria antolatu du hilaren 26rako, baita Azoka Plazan ere, 14:00etan. Bertan izango dira agenda osatu duten Jakoba Errekondo, Antton Olariaga marrazkigilea, eta Maddalen Arzallus eta Unai Agirre bertsolariak.




