Elorrio Palestinarekin plataformaren ekimenez, Elorrioko hainbat eragilek indarrak batu dituzte Palestinaren aldeko diru bilketa solidarioa martxan jartzeko. Bilduz gero, lortutako dirua Palestinan lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde bati bidaliko zaio, plataformak jakitera eman duenez.
Plataformak gogorarazi duenez, Gazan premiazkoak diren oinarrizko beharrak daude: "Mediku-ekipoak, botikak, elikagaiak, ura, erregaia eta bi milioi pertsonentzako babesleku egokiak behar dituzte", nabarmendu dute.
Ekimen honen baitan, bideo bat sortu dute Elorrioko sare sozial, kultural eta asoziatiboko hainbat aurpegi ezagunen parte hartzearekin. Horien artean daude Andoni Aizpuru kazetari eta aurkezlea, Gontzal Murgoitio korrikalaria, Elorrioko eskola publikoa, Elorrio Rugbi Taldea, Txintxirri ikastola, Zugaitz Ayuso txirrindularia, Elorrio Futbol taldea eta Fitoskins musika taldea, besteak beste.
Ekarpenak egiteko, Bizum bidez egin daitezke 14253 kodea erabiliz, edo ES92 30350003490030060489 zenbakiko kontu korrontera transferentzia eginez, Elorrio Palestinarekin plataformak azaldu duenez.




