Durango Kirol Taldeko (DKT) gizonek atletismoko Lehenengo Mailan jarraituko dute seigarren urtez jarraian. Ohorezko Maila bakarrik dute gainetik.
Zapatuan Durangon lehiatutako azken jardunaldia uretan amaitu zuten DKTko atletek, bero itogarriari aurre egiteko ez ezik, baita lorpena ospatzeko ere. Aurreko jardunaldietan egindako lanari esker, DKTk ondo bideratua zuen mailari eustea, baina lana errematatu beharra zegoen eta horixe egin zuten.
Adibidez, Asier del Arcok 1.500 metroetako proba irabazi zuen eta Eneko Lambarri, Cherif Coly, Raul Santamaria eta Pablo Martinez de Guereñu lako atletak espero bezain ondo aritu ziren nor bere modalitatean.
Azpimarratzekoa da Unax Solabarrietaren lana ere. 4X100 metroetako errelebo proban lesionatu egin zen arren, 4X400ekoan ere parte hartu zuen, min eta guzti. DKTk ez zuen puntu hori behar mailari eusteko, baina bai etxeko jardunaldia azken bi postuetatik kanpora amaitzeko.
Azkenik, Portugalete eta Naron taldeak jaitsiko dira mailaz.




