Aurtengo edizioak lau kontzertu izango ditu Antioko baselizan, guztiak 19:30ean, eta azkena Ezkioko Igartubeiti baserrian, 18:00etan. Kontzertuetara joateko doako autobus zerbitzua egongo da Elizkaletik abiatuta, 19:00etan lehen lau kontzertuetarako eta 17:30ean azkenekoarako.
Lehenengo emanaldia larunbatean izango da, Quatuor Arod hari laukotearen eskutik. Talde honek munduko areto garrantzitsuenetan jo du. Irailaren 12an, Oñatiko Ganbara Abesbatzak joko du, 1994an sortutako eta errepertorio zabala duen taldeak. Irailaren 19an, Carles Blanch eta Pedro Estevan arituko dira, Karlos V.aren inperioko musikarekin. Zumarragako kontzertuak irailaren 26an amaituko dira, Kambrass Quintet boskote bartzelonarraren eskutik.
Azken kontzertua urriaren 3an izango da Igartubeitin. Bertan, Andoni Salamero zumarragarrak, Andoni Egañak, Mixel Ducauk eta Caroline Phillips-ek lagunduta, "Baserri minez…" ikuskizuna eskainiko dute.
Aurtengo zikloa gaur aurkeztu dute Antion. Ekitaldian parte hartu dute Mikel Serrano alkateak, Goizane Alvarez Kultura diputatuak eta Aitor Biain Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendariak. Serranok gogorarazi du Antioko zikloak musikari handiak izan dituela, hala nola Ainhoa Arteta, Xabier Lete, Spanish Brass eta Kalakan.
Alvarezek adierazi du aldundiak musika Gipuzkoako txoko guztietara eramaten saiatzen dela, "musikak ateak irekitzen laguntzen duelako". Biainek, berriz, "plazer handia" dela ziklo honetan parte hartzea "espazio pribilegiatu" honetan, eta "musika barrokotik garaikidera doazen lanak" abestuko dituztela, "ahotsaren indarra erakusteko helburuarekin". "Abesbatza batek ziklo honetan parte hartzea garrantzitsua da, abesbatzen mundua ez baitago modan", gaineratu du.




