Anaitasunak Hirugarren Mailara igotzeko aukera du zapatuan

Taldeak Soduperen aurka jokatuko du eta berdinketa nahikoa izango zaio igotzeko, baina garaipena nahi du.

Futbol zelaia ilunabarrean, argiztatuta.
IA

Futbol zelaia ilunabarrean, argiztatuta.

Datorren zapatuan, Anaitasuna futbol taldeak denboraldiko azken partida jokatuko du Sodupeko Hurtado Saratxo futbol zelaian, Hirugarren Mailara igotzeko helburuarekin.

Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak aukera paregabea du mailaz igotzeko. Joan zen zapatuan Gasteizko Iru Bat taldeari 5-0 irabazi ostean, zapatuan berdintzea nahikoa izango zaio helburua betetzeko. Hala ere, taldeak garaipen argia lortu nahi du estutasunik gabe.
Partida honetarako, klubak autobusa antolatu du zaleentzat. Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik aterako da autobusa zapatuan, 18:00etan. Izena emateko epea gaur arratsaldetik ostegun arratsaldera arte egongo da zabalik Dean eta Tta-kun tabernetan, 2 euroren truke. 16 urtetik beherakoek heldu batekin joan beharko dute. Sarrera, berriz, 10 eurokoa izango da.
Sodupeko Udaltzaingoak segurtasun protokolo zehatza ezarri du bi taldeetako zaleen arteko giro ona bermatzeko. Anaitasunako zaleek sarrera nagusitik sartu beharko dute (1 zenbakia) eta morez zehaztutako gunean egon beharko dute partidan zehar. Mailaz igotzekotan, zaleek zelaian itxaron beharko dute Udaltzaingoak baimena eman arte. Aparkalekua ere mugatuko dute eta Anaitasunako autobusentzat eta ibilgailuentzat gune bat gordeko dute zelaiaren aurrean.