Durangoko Sormen Beka: musika proiektuak bultzatuko ditu aurten

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak 9. edizioa aurkeztu dute, euskarazko ekoizpena sustatzeko helburuarekin.

Irudi generikoa musika tresnei eta sormen tresnei buruz.
IA

Irudi generikoa musika tresnei eta sormen tresnei buruz.

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Durangoko Sormen Bekaren 9. edizioa aurkeztu dute, aurten musika proiektu bat laguntzera bideratuko dena.

Egitasmoa 2018an jarri zuten martxan, euskarazko ekoizpena eta sortzaile berrien lana indartzeko helburuarekin. Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak parte hartzera animatu ditu sortzaileak, "sorkuntzaren munduan hasten ari direnei eman gura diegu bultzada", adierazi du. Gomezek Durangoko Udalaren laguntza eskertu du.
Paule Sanchez Durangoko Euskara eta Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, "Durango euskal kulturaren bihotza da". "Sortzaile berriei aukera ematen die euren ideiak aurkezteko, ikusgarritasuna eta bultzada jasotzeaz gain", gaineratu du. "Gure helburua ez da bakarrik euskarazko sorkuntza indartzea, baita munduari gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra erakustea ere", azpimarratu du.

"Sormen Bekagaz ibilbide emankor eta polita egin dugu urteotan, eta sortzaile berrien bidelagun izaten jarraitu gura dugu."

Gotzon Gomez · Gerediaga elkarteko presidentea
Gogora ekarri du 2025ean Usue Egia eta Ainoa Olaso durangarrek Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komiki lana aurkeztu zutela, eta aurtengo emaitza Durangoko Azokan bertan aurkeztuko dela.
Banakako zein taldeko parte-hartzea onartzen da, betiere lana jatorrizkoa eta euskarazkoa bada. Proposamenak irailaren 21era arte bidali daitezke gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Oinarriak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke. Hautatutako proiektuak 15.000 euro jasoko ditu garapenerako, eta emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da publikoki. Deialditik kanpo geratuko dira bi lan argitaratu dituztenak edo bost kolaborazio baino gehiago egin dituztenak.