Durangok hirugarren urtez segidan hartuko du Emakumezkoen Euskal Kopako eta mutilen kadete nahiz gazte mailetako txapeldunak erabakitzeko egoitza nagusia. Ekimen hau Tabira futbol zelaian aurkeztu da ofizialki.
Emakumezkoen Lauko Finalaren finalerdiak ostiral honetan jokatuko dira. Lehenengoan, 17:00etan, Artizarrak eta Athletic taldeek neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, 19:15ean, Añorga eta Paldarrak arituko dira. Azken talde hau da aurten Euskal Ligan aritu den bakarra; gainerakoak, berriz, Hirugarren RFEF Mailan lehiatzen dira. Finala igandean izango da, 12:00etan.
Mutilen kategoriei dagokienez, gazteen Lauko Finaleko finalerdiak ekainaren 5ean izango dira, eta finala bi egun geroago, ekainaren 7an. Kadete mailako txapelduna, berriz, ekainaren 12an eta 14an erabakiko da, finalerdien ordutegi berberarekin eta finala 12:00etan hasita.
“"Durangok beti egiten du kirolaren aldeko apustua eta horrela jarraituko dugu."
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eskerrak eman dizkio Euskadiko Futbol Federazioari Durango aukeratzeagatik. "Durangok beti egiten du kirolaren aldeko apustua eta horrela jarraituko dugu", adierazi du alkateak. Federazioko presidente Iker Goñi ere pozik agertu da urtez urte jasotzen duten "gertutasun eta prestutasunagatik", eta klubetako boluntarioei ere eskerrak eman dizkie, bereziki Durangoko Kulturala, Durangoko Sapuherri, Ezkurdi eta Sasikoa klubetako kideei.




