Durangoko pistak Euskadiko erreferente dira atletismoan, eta horregatik aukeratu dute txapelketa hau hartzeko. "Durangoko pista erreferentea da Euskadin. Txapelketarik gehien hartzen duen atletismo pista da, duda barik", adierazi du Juan Ignacio Hernandezek, Bidezabaleko presidenteak.
Lehiaketak bi egun iraungo ditu. Larunbatean, arratsaldez izango dira jardunaldiak, 15:30etik 20:10era bitartean. Igandean, berriz, goizean izango da, 09:00etatik 12:50era.
Eskualdeko hainbat atleta ere izango dira lehian. Bidezabal klubaren partetik, Julene Bouzo ermuarra (altuera-jauzian) eta Paula Redondo bizkaitarra (xabalina-jaurtiketan) urrezko dominen borrokan aritzeko hautagai nagusiak dira, biek ere aurtengo markarik onenekin.
Euskadiko onenak erabakitzeko ez ezik, txapelketa hau Euskadiko selekzioa osatzeko hitzordu garrantzitsuena ere bada; izan ere, ekainaren 27an Logroñon jokatuko den autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartuko duen taldea zehazteko balioko du.
Txapelketa hau Bidezabal atletismo klubak eta Euskadiko Federazioak antolatuko dute, Durangoko Udalaren eta Rural Kutxaren babesarekin eta Mankomunitatearen laguntzarekin.
Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkateak, Bidezabalek 1982an sortu zenetik atletismoa sustatzen egindako lana nabarmendu du. "Udaletik Bidezabal zoriondu gura dugu bere ibilbideagatik eta eskerrak ematen dizkiogu atletismoaren, Durangoren eta harrobiaren aldeko apustua egiten jarraitzeagatik", adierazi du.




