Durangok bi jardunaldi ireki antolatu ditu ekainaren 20an eta 27an, Durangoko parke publikoetan kirola sustatzeko. 'Kirola Kalera' izeneko ekimenaren helburua da herritarrei kirola egiteko aukerak eskaintzea eta bertako klub eta elkarteei beren jarduerak espazio publikoetan garatzeko aukera ematea.
Lehenengo jardunaldia Zuhatzola parkean izango da ekainaren 20an, 10:00etatik 12:00etara. Bertan, tiroarekin, petankarekin eta kirol egokituarekin lotutako ekintzak izango dira. Bigarren saioa, berriz, Otamotzena gunean ospatuko da ekainaren 27an, eta rugby eta gimnasia jarduerak eskainiko ditu.
Udalak azpimarratu du ekimen honekin espazio publikoak kirol eszenatoki ireki eta irisgarri bihurtu nahi dituela, kalean kirola egitea aukera erreal, hurbil eta inklusibo gisa sustatuz. Era berean, udalerriko kirol-ehunaren ikusgarritasuna indartu, diziplina ezberdinen arteko bizikidetza sustatu eta kluben lana herritarren egunerokora hurbildu nahi du.
“"Durango Kirola Kalera kirola kirol instalazioetatik ateratzeko borondatearekin jaio da, jarduera fisikoa espazio publikoetan bizi dadin eta herritarrek beraien gisa senti ditzaten."
Iker Txertudi Kirol zinegotziak proiektuaren garrantzia nabarmendu du, eta gaineratu du "kirola egunerokoan presente egotea nahi dugu, kaleetan, plazetan eta espazio egokituetan praktika sustatuz, eta osasun-ohiturak guztion eskura jarriz".
Halaber, klub eta kirol elkarteak "bertako kirolaren oinarrizko zutabe bat dira, sortzen duten jardueragatik ez ezik, balioen hezkuntzan, gizarte-kohesioan eta partekatutako pertenentzia-sentimenduaren eraikuntzan egiten duten ekarpenagatik ere". Ekimen honekin, "haiei ikusgarritasun handiagoa eman eta, aldi berean, beren lana herritarrei hurbildu nahi diegu, kalean kirola bizi eta gozatzera gonbidatuz".




