Durangaldeko Mankomunitatearen Osoko Bilkurak onartu du neurria astearte honetan, EH Bildu, Abadiñoko independente Berria eta Garaiko Herriko taldearen aldeko botoekin, eta EAJ ren abstentzioarekin. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak funtsezko baliabideak dira zailtasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonei eta familiei arreta emateko, oinarrizko gastuak estaltzeko laguntzak eskuratzen laguntzen dietelako, hala nola etxebizitza, hornidurak eta beste behar batzuk.
2026an, Mankomunitateak 300 eskaera izapidetu ditu guztira; horietatik 254k aldeko ebazpena jaso dute, eta gainerako 46ak ukatu egin dira, emateko irizpideekin bat ez datozelako. Onartutako luzapenari esker, ekitaldi honetara bideratutako baliabideak indartu ahal izango dira, eskualdeko udalek babes sare bat mantentzeko duten konpromisoa sendotuz.
“"Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio gisa, ez gaude prest inor laguntzarik gabe uzteko, eta are gutxiago etxebizitzarekin lotutako zaurgarritasun egoeretan dauden pertsonak"
Erakundeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak emandako finantzaketa ez dela nahikoa dauden behar guztiei erantzuteko, eta horrek tokiko administrazioen ahalegin ekonomiko handia eskatzen duela laguntza horiei estaldura bermatzeko. Emaitzen % 49 etxebizitza duin bat lortzeko eta mantentzeko bideratzen direla nabarmendu du, eskubide oinarrizko gisa ulertuta.
Aurrekontu partida handitzeko beharrak agerian uzten du Gizarte Larrialdietarako Laguntzek gero eta pisu handiagoa dutela politika publikoetan. Orain arte onartutako espedienteekin, konprometitutako gastua 740.000 eurotik gorakoa da, hau da, ekitaldi osorako aurreikusitako hasierako ekarpenaren % 70 baino gehiago. Mankomunitateak berretsi du inor ez dela laguntza horietatik kanpo geratuko baliabide faltagatik.




