Erroman bizi izan duten esperientziari buruz, udalak azpimarratu du finalera iristea berez aitortza handia dela, baina, batez ere, herri gisa bizi izan den bilakaera Europako herri eta hiri handi eta ezagunen ondoan ikustea hunkigarria izan dela.
Udalak adierazi du azken urteotan zaintza, ongizatea, komunitatea eta gizarte-justizia udal-jardunaren erdigunean jartzeko urratsak egin dituela. Bide hori ez dela proiektu jakin baten emaitza soilik, pertsona askoren lanaren, konpromisoaren eta elkarlanaren ondorioa dela nabarmendu du.
Udalak esker ona adierazi dio bide honetan parte hartu duen guztioi. Finalera iristea zoragarria izan dela azpimarratu du, baina benetan pozten duena Orion elkarrekin eraikitzen ari diren herri eredua Europan ere balioan jartzea dela.




