Itzulia Women-eko bigarren etapa Durangaldean jokatu da gaur. Abadiñon hasi eta Zornotzan bukatu den etapa oso lehiatua izan da, eta azken kilometroetan ikuskizun handia eskaini die ikusleei.
Tropelaren eta aurrean joan diren bi txirrindularien arteko borroka gogorra izan da azken txanpan. Erorikoak eta erasoak ugari izan badira ere, munduko txirrindulari onenek ikuskizun ikusgarria eskaini dute.
Azkenean, sprintean gailendu da UAE taldeko Dominika Wlodarczyk. Bigarren postuan sailkatu da Mischa Bredewold liderra, eta lehen euskalduna, berriz, Laboral Kutxa taldeko Usoa Ostoloza zarauztarra izan da, seigarren postuan heldu delarik. Ostoloza bederatzigarren da sailkapen nagusian.
Itzulia Women bihar bukatuko da Donostian jokatuko den azken etapan.




