Iazko arrakastari jarraituz, Sanjuandegi auzoan bizikleta lasterketak antolatu dira aurten ere festen atarian. YK Riders taldeak eta XJ Auzolanean batzordeak elkarlanean jarri dute ekimena martxan, eta 3 eta 12 urte bitarteko hainbat haurrek parte hartu dute.
Adin tarteka banatuta egin dira probak, arratsaldeko 16:30etik aurrera. Lehenik, 3 eta 4 urteko umeek Jose Antonio Agirre plazaren inguruan prestatutako zirkuituan ibili dira. 5 urtetik gorakoek, berriz, auzoan zeharreko ibilbidea osatu dute txirrinduaren gainean, eta 7 urtetik gorakoek Sanjuandegin prestatutako zirkuituari hainbat itzuli eman dizkiote.
Txirrindulari gaztetxoek gogotik gozatu dute arratsaldean, atzoko Umeen Egunaren eta datozen festen harira. Nahiz eta probak egin, ez da sailkapenik osatu; lagunarteko hitzordua izan da nagusi. Parte hartzaile guztiek jaso dituzte gozokiak, eta gainera, bizikleta eta kasko bana zozkatu dira guztien artean.




