Aurten ere, Beasaingo Garagardo Festa irailaren 17tik 19ra izango da, plaza azpian. Ostegunean, irailaren 17an, 18:00etan hasiko da festa, eta ostiralean eta larunbatean, irailaren 18an eta 19an, berriz, 28:00etan irekiko da gunea. Antolatzaileek 3.000 litro garagardo baino gehiago eta ehunka ukondo eta saltxitxa kontsumitzea aurreikusi dute, 400 lagunentzako mahai eta eserlekuak prestatuz.
Kalitate handiko garagardoak izango dira nagusi, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak. Guztira, 25 garagardo mota dastatu ahal izango dira txorrotatik, eta beste hamar botilan, tartean alkoholik gabeko eta glutenik gabeko aukerak.
Aurtengo edizioan, Etxera izeneko lau artisau garagardo berezi eskainiko dira, Euskal Herrian ekoitzitakoak: Pils, Helles, Sendoa eta Beltza. Horiez gain, Bavaria (sei), Flandria (lau), Wallonia (hiru), Txekia (hiru), Alemania (hiru) eta Irlandakoak (bi) garagardoak ere izango dira, baita Bavariatik ekarritako beste hamar mota botiletan.
Garagardotegiko menu tipikoa ere dastatu ahal izango da: ukondoa labean, Bratwurst bavariarra eta Euskal Herriko Earra saltxitxak patata-purearekin, browniea postrerako eta bi garagardo edateko. Afari arinagoa nahi dutenentzat, saltxitxak, hanburgesak edo solomo ogitartekoak ere egongo dira aukeran.
Prezioei dagokienez, aurreko urtekoak mantenduko dira: bi pertsonentzako menuak 32 euro balio du, pitxarrak 3 euro eta garagardo litro erdiak 5,50 euro.
“"Presoen kopurua eta egoera jakinarazteko asmoz, '110 preso eta erbesteratu, 110 topa' elkartasunezko zozketa antolatu du Goierriko Etxeratek, 110 garagardotako sariarekin."
Zozketako 110 garagardotako saria Herri Dendako erakusleihoan dago ikusgai, eta txartelak bertan eta Beasaingo Arranon erosi daitezke jada.




