Jatorriz maiatzaren 15erako aurreikusita zegoen ekitaldia, baina soinu teknikarien greba dela eta, data aldatu behar izan zuten. Ekitaldia 18:00etan hasiko da eta LGTBIQ+ pertsonen memoriak eta esperientziak erdigunean jarri nahi ditu.
Ekitaldiak bi zati nagusi izango ditu: lehenik, Eihera kooperatibak ekoitzitako Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra proiektatuko dute. Ondoren, luntxa izango da eta Emakumeen Txokoko DJ tailerrean aritu diren ikasleen emanaldia eta Siwanaba DJaren saioa izango dira.
Dokumentalak Azpeitiko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, memoriak eta esperientziak biltzen ditu, ahots horiek erdigunean jarriz eta memoria kolektiboa eraikitzen lagunduz. Sentsibilizazioa lantzeko baliabide gisa erabili nahi dute, besteak beste, herriko ikastetxeetan.
Duela bi urte hasitako prozesu baten emaitza da dokumentala. Eihera kooperatibak, Azpeitiko Udalaren ekimenez, herriko LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa egin zuen, eta memoria eta erreparazioa lantzeko beharra azpimarratu zuen.
Egitaraua honakoa da: 18:00etan dokumentalaren proiekzioa, ondoren luntxa kanpoan, 19:00etan DJ tailerreko ikasleen saioa eta 20:00etan Siwanaba DJaren emanaldia.




