Arrasateko Udalak Kale Garbiketa Ordenantza Berrituko Du Herritarren Parte Hartzearekin

Udalak 2016ko araudia eguneratu nahi du, jasangarritasuna, prebentzioa eta adierazpen askatasuna sustatuz.

Kale garbiketa ibilgailu bat, euskal herri bateko kale moderno batean aparkatuta.
IA

Kale garbiketa ibilgailu bat, euskal herri bateko kale moderno batean aparkatuta.

Arrasateko Udalak 2016an onartutako egungo kale garbiketa ordenantza berrikusteko prozesua abiatu du, arau jasangarriago, eraginkorrago eta demokratikoago bat osatzeko asmoz.

Udal Gobernuak adierazi duenez, "ia hamar urteko ibilbidean" indarrean dagoen ordenantzak ez ditu helburuak bete, eta horregatik, "garbiketa lanen oinarriak zabaldu behar dira, irizpide jasangarriak ezarriz, hondakinen kudeaketa egokia bermatuz, herri zaintzaren ardura partekatua azpimarratuz eta prebentzio bitarteko berriak indartuz".
Ordenantza berriaren helburu nagusietako bat prebentzioan sakontzea da, "helburua ez da gehiago garbitzea, gutxiago zikintzea baizik". Horretarako, haur eta helduentzako kontzientziazio kanpainak eta formakuntza ekimenak sustatuko dira. Eredu jasangarri batera igarotzea bilatzen da, ingurumenari kalte txikiena eragiteko bitarteko berriak ezarriz eta herritarren konpromisoa lortuz.
Araudi berriak adierazpen askatasuna eta bizikidetza bermatuko ditu, espazio publikoaren erabilera demokratikorako oinarriak adostuz eta hainbat adierazpen libreko gune berri aurreikusiz. "Zero zabor" filosofia sustatuko da hondakinen kudeaketan, baita herriko ondare historiko zein publikoa zaintzea ere, txakurren pixak garbitzen lagunduz edo kalterik eragiten ez duten komunikazio-euskarriak eskainiz. Gainera, proportzionaltasuna bilatuko da baimen-sistemak erraztuz eta zehapen-araubidea berriztea, zigorraren aurretik ohartarazpena edo borondatezko zuzenketa lehenetsiz. Genero-ikuspegia eta berdintasuna ere txertatuko dira, espazio publikoa irisgarria eta segurua izatea bermatuz, eta mezu matxista, arrazista, LGTBIfobo edo diskriminatzaileak debekatuz.
Udalak gogorarazi du 2016ko ordenantzak sortutako gatazka nagusietako bat adierazpen askatasunaren ingurukoa izan zela, mugek komunikazio-beharrak zailtzen baitzituzten. Horri erantzuteko, gaur egun eragileek erabiltzen dituzten hainbat gunetan adierazpen libreko espazio berriak proposatu dira. Datuen arabera, 2016tik hona 161 espediente administratibo izapidetu dira eta 291.568 euro bideratu dira fatxadak garbitzera, emaitza esanguratsurik lortu gabe.
Parte hartze prozesua ekainaren 28ra arte egongo da zabalik herritarrentzat Udalaren webgunearen edo BAZ zerbitzuaren bidez. Uztailean eragileekin elkarrizketak egingo dira, eta irailetik urrira bitartean ordenantzaren lehen zirriborroa aurkeztu eta ekarpenak jasoko dira, behin betiko onarpenaren aurretik.