Arabako Foru Aldundiak erabaki du Bernedoko udalekuak debekatzea eta Sarrea Euskal Udalekua elkartea zigortzea. Bi arau-hauste administratibo larri egotzi dizkio elkarteari: udalekuen berri ez ematea eta informazioa ez helaraztea. Horren ondorioz, 9.000 euroko isuna ezarri dio Sarreari, eta hiru urteko inhabilitazioa adingabeentzako jarduerak antolatzeko zein diru laguntzak jasotzeko.
21 familiak jarri dituzte salaketa penalak, adingabeei egindako ustezko sexu abusuen inguruan, eta aurrera doaz prozesu judizialak. Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak azaldu du espedientea irmoa dela eta aldundiak zorrotz bete dituela legeak ezarritako epeak. Bere esanetan, zigorrak "beharrezkoak eta proportzionalak" dira, Sarreak behin eta berriz ez diolako komunikatzea jarduera administrazioari. Gainera, adierazi du ez dela udalekurik izango uda honetan, eta Foru Gazteriaren Erakundeak ez duela baimenik emango uztailaren 1etik 15era egitekoak ziren udalekuetarako.
Aldundiak Dorrekoa kultur elkarteak aurkeztutako proposamena ere baliogabetu du, ondorioztatuta elkartea ez dela hirugarren independente bat. Del Valen arabera, Dorrekoa eta Sarrea elkarteek antolaketa eta komunikazio sare bera partekatzen dute, eta, beraz, Dorrekoaren eskaera "lege iruzurra egiteko saiakera" da, Sarrearen inhabilitazioa saihesteko. Horregatik, aurkeztutako komunikazioa ez da balekoa, eta jarduera ezingo da inolaz ere gauzatu.
Aldundiak ohartarazi du Dorrekoa edo Sarrea udalekuak antolatzen saiatuko balira, erantzukizun zuzenak izango lituzketela eta itxiera edo desalojo neurriak ezar litezkeela. Euskal Udalekuak sareak, bere aldetik, sare sozialetan adierazi du kezkatuta eta minduta dagoela, eta defendatu du legezko baldintza guztiak bete dituztela.




