Amorebieta-Etxanok bere 2040ra arteko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Udal Plana aurkeztu du. Dokumentuak datozen urteetan kirolaren eta jarduera fisikoaren arloan garatuko diren udal lan-ildoak antolatuko ditu, eta herritarren eta kirol-eragileen beharrei erantzuteko ibilbide-orria ezartzen du. Planak zazpi ardatzetan egituratzen du udal-jarduera: kirol-sarea eta gobernantza; ekipamenduak zaintzea; espazio berriak eta kalea aktibatzea; inklusioa eta sarbide unibertsala; kirol-kultura aktibo eta osasungarria; nortasuna eta komunikazioa; eta iraunkortasun ekonomikoa.
Plana Ainhoa Salterain alkateak aurkeztu du, eta honek adierazi duenez, "Amorebieta-Etxanok kirolaren aldeko apustua egiten du. Kirola egiteko zerbitzu eta instalazioen sare zabala kudeatzen dugu; sare horrek ondo funtzionatzen du, baina hobetzen jarraitu nahi dugu, herritar guztientzat gero eta irisgarriagoa izan dadin".
Dokumentuak udalerriko kirol-errealitatearen azterketa sakona jasotzen du: 35 kirol-instalazio, 30 kirol-elkarte, 2.000 kirolari federatu inguru eta 5.290 abonatu Larrea kiroldegian. Herritarren parte-hartze prozesu bat ere egin da, "Ametsetatik Herrira" prozesuan 461 erantzun jaso direlarik, erabiltzaileen beharrak eta balorazioak ezagutzeko.
Instalazioei dagokienez, hainbat jarduketa aurreikusten dira: Larreako gimnasioa handitzea (404 m²-tik 757 m²-ra igaroko da, 125 makina ingururekin), egungo padel-pistak ordeztea bi pista berri estalirekin, eta Txolongo futbol-zelaia berritzea (belar artifiziala, ateak, aulkiak eta segurtasun-elementuak aldatuz, eta ondoren aldagelak berrituz). Gainera, Urgozo espazio balioaniztun berria eraikiko da kirol- eta kultura-jarduerak hartzeko.
Aire zabaleko jarduera fisikoa sustatzeko, entrenamendu-eremuak, oinezkoentzako ibilbideak, bicipistak eta bidegorriak aurreikusten dira. "Kalea kirola egiteko aktibatzea da Planak jasotzen duen beste lan-ildoetako bat", azaldu du Salterainek, Jauregibarria parkeko kalistenia-instalazioaren arrakasta nabarmenduz.
Plana kirola egiteko benetako sarbidea bermatzean ere zentratzen da, ordutegia, kostua, irisgarritasuna eta informazioa bezalako oztopoak identifikatuz, bereziki familia, adineko, emakume eta kolektibo zaurgarrientzat. Era berean, kirol-klubekiko lan-sare egonkor bat sortzea aurreikusten du, koordinazio-mekanismoak ezarriz eta informazioa partekatuz.




