Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak ekimen bat antolatu du eskualdeko feminismoaren egungo egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko. Ekimen honen helburua emakume anitzen ikuspegiak eta gogoetak biltzea da, egungo egoeraren azterketa egiteko eta eskualdeko erradiografia osatzeko.
Mintzodromoak bi fase izango ditu: lehenik, entzuketa fase bat gauzatuko da Aiaraldeko lau herritan. Zehazki, urriaren 1ean Aiarako emakumeen gelan, urriaren 7an Okondoko Kultura Etxean, urriaren 22an Amurrioko Villa Fe eraikinean, eta azaroaren 2an Artziniegako Kultura Etxean.
Ondoren, azaroaren 29an, Laudion kokatutako Faktorian, etorkizuneko estrategiak zehazteko topaketa burutuko da. Bertan, herriz herri bildutako errealitateak eta faktoreak partekatuko dira, eta guztien artean epe labur zein ertainerako estrategia bat osatuko da.
Bor-bor elkarteak garrantzi handia eman dio ekimen honi, izan ere, bertatik aterako diren ondorioek gidatuko baitute elkartearen ibilbidea datozen urteetan. Horregatik, emakume zein genero disidente orori dei egin diete tokian tokiko saioetan parte hartzera, euskaratik ahalduntzen eta saretzen jarraitzeko helburuarekin.
Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, doan, salbuespen bakarra azaroaren 29ko topaketa izango da, 12:00etan hasiko baita. Topaketa honetan, Bor-borren ibilbidearen erakusketa bat ere ikusteko aukera egongo da. Egitasmo hau Arabako Foru Aldundiaren eta Laudioko Udalaren babesari esker gauzatuko da.




